2018 urteko azken hiruhilekorako diseinatutako prestakuntza-eskaintza banatzen hasi da Behargintza udalerriko etxebizitza guztietan. Eskaintza horren helburua «lan-merkatura sartzeko aukerak areagotzea», diotenez, hots, «hautemandako gaikuntza-beharrei erantzutea, enpresek gehien eskatzen dituzten profil profesionalei lotutako ezagutzak eta gaitasunak eskuratu ahal izateko».
Hala, irailean bi prestakuntza-ekintzarekin hasiko dira Behargintzan. Ekintza horiek profil profesional desberdinei erantzuten diete, baina kasu batzuetan elkarren osagarri ere izan daitezke. Zehazki, hauek dira bi ekintzak: batetik, Jantokiko monitorea + elikagaiak manipulatzeko karneta eta, bestetik, hizkuntzetan gaitzeko ikastaro bat, Ingelesa B1- First preparation exam, 100 ordukoa.
Urrian, berriz, egungo erosketa-joerekin lotutako beste bi prestakuntza-ekintza egingo dira: Personal shopper, 60 ordukoa, eta “Influencer-ak” sare sozialetan: blogariak, bideoblogariak, youtuber-ak eta instagramer-ak.
Azaroan SAP ikastaroa egingo da, 90 ordukoa, goi-mailako titulazio profesionala eta hortik aurrerakoa duten pertsonentzat, baita enpresak sortzeko eta kudeatzeko beste bat ere, negozio-ideia bat sortzeko eta garatzeko asmoa dutenei zuzendua.
Urtea amaitzeko, Eraikuntzaren Lan Txartela (oinarrizko maila) eskuratzeko prestakuntza-ikastaroa emango dute herriko prestakuntza zentroan; txartel horrek lan-arriskuen prebentzioaren arloko oinarrizko prestakuntza jaso izana egiaztatzen du.
Ekintza horiei guztiei esker, zentroaren arduradunen esanetan, «balioa ematen zaio jasotako prestakuntzari, eta, horrez gain, langabeei lan-mundura gerturatzeko aukera ematen zaie, beren curriculuma eta kontaktu profesionalen sarea hobetuz».
Interesdunek Behargintzaren bulegoan eman dezakete izena, 08:30etik 14:30era, edota bere web guneko prestakuntzaren atalean eskuragarri dagoen izena emateko orria betez
Prestakuntza-eskaintza hori emateaz gain, Behargintzak aholkularitza behar duten pertsonei zerbitzua ematen die eta norberaren egoera profesionalera ondoen egokitzen den baliabidea aurkitzen laguntzen dute. Behargintzaren lokalak goizeko 8:30etatik 14:30etara zabalik egoten dira, astelehenetik ostiralera, Mendibil kaleko 3. zenbakiko beheko solairuan.
Info +
Orri informatiboak
Jantokiko monitorea First B1 Personal Shopper
Influencer SAP Eraikuntzaren Lan Txartela