Leioan busa, autobus zerbitzu berria, martxoan jarriko da martxan

Leioako auzoak euren artean eta hiriaren erdialdearekin lotuko dituen hiri barruko autobus zerbitzu berria, Leioan Busa, martxan jartzeko

Udalak prest du Leioako auzoak euren artean eta hiriaren erdialdearekin lotuko dituen hiri barruko autobus zerbitzu berria hilabete honetan martxan jartzeko. Leioan Busak argi berdea du leioaztarrak gero eta gertuago egon daitezen, gero eta hobeto konektatuta, bi ibilbide egingo dituzten 3 unitatez osatutako flotaren bitartez.

Zerbitzu honek 529.454,07 euroko kostua izango du Udalarentzat urtero. Baina lehiaketatik kanpo aurkeztutako hobekuntzak aztertzen ari da Udala, zerbitzua hobetzeko asmoz, ordutegia eta maiztasunak handitzeko. Hau hurrengoko hirigintza batzordean aztertuko da kontratuaren modifikazioa egin ahal izateko.

Leioan Busaren ibilbideak

Lehen ibilbidea Txorierri, Torresolo, Pinosolo, Iparragirre 2, Iparragirre 62, Libano, Leioako metroa, Langileria 10, Lamiakoko metroa, Areetako Anbulatorioa, Amaia Etorbidea 18, Basarte Etorbidea, Iparragirre 2, Iparragirre 62, Pinosolo, Torresolo, Txorierri.

Bigarren ibilbidea, aldiz, Areetako Anbulatorioa, Lamiakoko metroa, Langileria 10, Leioako metroa, Libano, Iturribide, Ikeamendi, San Juan, Zentro Zibikoa, Elexalde Etorbidea 14, Sarriena 59, Artazagana, San Bartolome, Joaquin Achucarro 12, Artaza 26, Artaza 2, Iparragirre 2, Iparragirre 62, Libano, Leioako metroa, Langileria 10, Lamiakoko metroa, Areetako Anbulatorioa. Autobusak lotura izango du institutuarekin ikastetxera sartzeko eta bertatik irteteko orduetan.

Asteburuko gaueko hobekuntzak aztergai

Autobusek 30 minutuz behingo maiztasuna izango dute bi ibilbideetarako, baina maiztasun hori 20 minutura murrizteko aukera ari da aztertzen, erabiltzaileen erosotasunerako. Zerbitzua astelehenetik ostiralera goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara eta larunbatetan goizeko 09:00etatik 15:30era eskainiko da. Dena den, ostiraletan goizaldeko 03:05era eta larunbatetan 17:30etik 04:35era eta igandeetan 11:40tik 15:30era eta 17:00etatik 22:50era luzatzeko aukera aztertzen ari da, EH Bilduren zinegotziek planteatu zuten bezala herriko autobus zerbitzu berri hau martxan jartzea eztabaidatu zenean.

Hasierako proposamena aurreko agintaldian aurkeztu zuen EH Bilduk, zerbitzuari Auzobusa izena ematea proposatu zuelarik. Ideia, hasiera batean, orduko EAJren udal Gobernuak ez zuen aintzat hartu, eta agintaldi berri honen hasieran heldu zitzaion berriro. Udal Batzaren onarpenaren ostean, lehiaketara aurkeztu zen beste lehiakide batek egindako salaketaren ondorioz atzeratu da martxan jartzea. Udal zerbitzu berriaren esleipen prozesuan irregulartasunak salatu zituen. Salaketa alboratuta hilaren bigarren hamabostaldian martxan jarriko da.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude