Gaur, Euskadiko Autonomia Elkartean, Memoriaren Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Leioako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak “adierazpen instituzionala onartu du gehiengoaren akordioarekin”, udalak ezagutzera eman duenez. Hori dela eta, alkatea eta udal talde politikoetako ordezkariak bildu dira Basterretxea eskultorearen Leioaren estelaren ondoan aipatu adierazpena irakurtzeko.
Onartutako testuan esaten denez, “Euskadin, ekintza terroristek urte luzez gure gizartea jo dute era bortitz eta gupidagabean, ehunka pertsona hil, zauritu, bahitu, estortsio egin eta lapurtu dietelarik” eta, sinatzaileen ustez, “gizarteak zein erakundeek ez dugu egoerak eskatzen zuen mailan jardutea lortu, anestesiaturik bizi izan gara”.
Mari Carmen Urbieta alkatesak irakurritako adierazpenak “azken urteotan gizarte zein erakundeak lanean ari gara terrorismoaren biktimak aintzat hartuak, erreparatuak eta lagunduak senti daitezen”. Gaineratu duenez, “euskal erakundeak terrorismoaren biktimen memoria askatasunean, tolerantzian, justizian eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako etorkizun baketsu bilakatzen tematuta gaude”.
Alkatesa jeltzalearen ustetan “memoriak gertatutakoaren kontakizun partekatua eraikitzen lagunduko du, biktimen begiradaren bitartez”, eta modu horretan “biolentzia eta bere zuribideak guztiz baztertuta geratuko dira eta bere biktimak aintzat hartuak betiko”. Esandakoaren arabera, “memoriak izen eta datak ipintzen ditu (…), sufrimenduaren akta jasotzen du eta tolerantzia ekiditen du”. Leioan irakurritako adierazpenaren arabera horixe izan behar da “gure helburu eta erronka”.
EH Bilduk ez du bat egin gainontzeko talde politikoek irakurritako testuarekin, baina biktimak gogoratzeko ekitaldian bere bi zinegotzik ere hartu dute parte.