Orain Presoak :: Sindikatu guztiek eta alderdi gehienek deitzen dute manifestazioan parte hartzera

Orain Presoak dinamikako kideek larunbat honetan Miramar Jauregian antolatu duten elkarbizitzaren aldeko ekitaldian parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen berri eman dute. «Izan ere, garrantzitsua deritzogu Miramar Jauregian batuko den ordezkaritza baita, norbanakoak ez ezik, hainbat alderdi eta sindikaturen batasuna irudikatzeko sortuko den aukera».

«Elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta herenegun Aieten adierazi bezala, lan handia egin dugun arren, badauzkagu egiteke batzuk oraindik ere, guztiak elkarrekin egitekoak. Bide horretan kokatzen dugu presoen gaiari irtenbidea ematea eta elkarbizitzaren norabidean pausuak ematea».

Miramar Jauregian antolatutako ekitaldirako zabaldutako gonbidapenek harrera ona izan dutela adierazi dute, sindikatu guztiak egoteaz gain (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE, HIRU, ETXALDE), talde politikoei dagokionean ere, herritarren gehiengo bat ordezkatzen duten alderdiak batuko baitira (EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, EELV). Horrez gain, Bake Artisauak, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bake Bidea eta Bagoazeko ordezkaritza ere bertan izango da, besteak beste.

«Pozez adierazi nahi dugu, orain artean izan den manifestaziorik anitzena izango dela eta honekin batera, ohar hau probestu nahi dugu larunbatean bertan Antiguako Tuneletik arratsaldeko 17:00etan irtengo den manifestaziorako azken deialdia egiteko, gizarte zibilaren aktibazioa ezinbestekoa dela baiteritzogu presoen egoera konpontzeko» adierazi dute Orain Presoak dinamikakoek zabaldutako prentsa oharrean.

Autobusa Leioatik eta ekitaldiaren eta manifestazioaren bukaeraren zuzeneko emanaldiak

Leioatik hamarnaka lagun abiatuko dira gaur Donostiako Orain Presoak manifestazioan parte hartzeko. Autobusa arratsaldeko 15:15ean irtengo da udal euskaltegiaren aurreko autobus geralekutik. Beste hainbat kotxez ere hurbilduko dira presoen aldeko arratsaldeko mobilizaziora.

Bestalde, Orain Presoak dinamikak iragarri du zuzeneko emanaldiak igorriko dituela, lehenik eta behin, Miramarren izango den ekitaldiarena, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Horren ostean, manifestazioaren buakaerako ekitaldia ere transmitituko dute zuzenean Donostiako Boulevard-etik, arratsaldeko 18:15etatik aurrera.


Orain Presoak: Miramar Jauregiko ekitaldiaren eta manifestazioaren zuzeneko igorpenak

Manifestazio bukaera  https://youtu.be/5HTSDA12_hk

Miramar Jauregiko ekitaldia  https://youtu.be/xCTB3ctvzfI

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude