Txanda librean :: Gu, beti Kataluniarekin

Aritz Tellitu Zabala I EH Bilduren zinegotzia

Egun historikoetan bizi gara, urte luzeetan gure askatasuna bilatu dugun herri guztiontzat. Urte luzeetako lanari esker, eta herritarren gehiengo baten eskaerei ateak irekiz katalanek beraien etorkizuna libreki erabakitzeko aukera izan zuten Urriaren 1ean. Eta katalanek beraien etorkizuna libreki erabakitzea erabaki zuten bitartean Madrilen aldetik indarrean, mespretxuan eta zaharkituriko legeen ustezko arrazoian oinarrituriko erantzuna baino ez, estatuaren erantzun bakarra errepresioa.

Gu, beti Kataluniarekin zioen Jose Antonio Aguirre lehendakariak, eta ikusitakoak ikusita berriro ere herri katalanarekin egoteko unea iritsi da. Euskal gizarteak ongi ulertu du hori, eta horren adierazle dira egun hauetan Euskal Herriko kaleak bete dituzten elkartasun keinuak, Bilbon buruturiko bi mobilizazio erraldoietatik hasi eta herriz herri antolaturiko kazeroladetara, baita Leioako kaleak demokraziaren aldeko kazerola hotsera. Elkartasun keinuek bi mezu argi izan dituzte: Espainar estatuaren errepresio bortitza salatu eta Kataluniak urriaren 1ean buruturiko erreferenduma babestu, honen zilegitasun guztia aitortuz.

Baina Aguirreren hitzak betetzeko beste urrats bat ematea ezinbestekoa da, Gu, beti Kataluniarekin esaldia egi bilakatzeko beste urrats bat emateko garaia iritsi da. Eta horretarako kalean ikusitako borondatea euskal instituzioetara ere eramateko unea iritsi da. Zentzu horretan Leioako EH Bildutik mozioa aurkeztu genuen, eta herri mobilizazioetan adierazi bezala gure mozioak bi mezu argi zituen: Estatuaren errepresioa salatu eta Urriak 1eko erreferendumari zilegitasuna aitortu. Egun Kataluniaren ondoan egoteko modu bakarra hori baita.

Irailaren 28an buruturiko Udal Osoko Bilkuran ordea gure mozioa baztertua izan zen, PNVek Aguirre lehendakariaren hitzak albo batera utzi eta gure mozioaren aurka bozkatzea erabaki baitzuen. PNVek estatuaren errepresioa salatzen zuen mozioa aurrera atera zuen, baina Urriak 1eko erreferendumari zilegitasuna aitortzearen aurka agertu zen. Kataluniarekin bat egiteko modu kuriosoa… Igaro da Urriaren 1a eta oztopoak oztopo katalanek erreferenduma egitea lortu dute, eta herriaren borondatea articulo eta garbi ikusi ahal izan da. Orain urrats berriak emateko garaia dute, eta Euskal Herritik gure babesa eskaintzen jarraitzeko konpromisoa dugu. Izan ere guk argi dugu: Gu, beti Kataluniarekin, baina EAJ/PNV?

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude