Txanda librean :: Kezka handia sortu dit

Aritz Alboniga Bregel I Irakaslea

Leioako udalak zaborren birziklapenari buruz bidalitako informazioa kezka handia sortu dit.

Alde batetik, datuek ematen duten informazioa bera kezkatzekoa da, baina, are larriagoa iruditzen zait datuen inguruan udalak egiten duen irakurketa.

Leioan zaborraren %26,12 soilik birziklatzeak kezkatzen nau (Europak helburu bezala 2020rako %50eko tasa eta 2030rako %65eko tasa ezarri duenean).

Leioako udalak banatutako informazioak azaldu bezala etxeko zabor poltsaren %40 materia organikoa izanda, Leioan %2,33 biltzeak kezkatzen nau.

Udalak 2015etik (%1,98) 2017ra (%2,33) materia organikoaren bilketan emandako gorakada eskasa azpimarratzeak kezkatzen nau. Etxebizitzen %15ak soilik erabiltzen du edukiontzi marroia.

Zaborrekin dugun arazo larriari aurre egiteko eta Europak ezarritako helburuak lortzeko plangintza zehatzik ez izateak kezkatzen nau. Aipatzen den helburu bakarra “etxebizitzen %30ek materia organikoa bereiztea lortzea” da (zein epetan?).

Zaborren kudeaketan ikuspegi ekonomikoak ingurugiro eta jasangarritasun ikuspegiaren gainetik azaltzeak kezkatzen nau.

Autokonplazentzia bultzatzea norberaren politikak zuritzeko ez da onargarria. Zaborren arazoa ikuspegi ekonomiko soiletik egitea arazoa bera ezkutatzea da.

Plangintza integral bat beharrezkoa da benetako sistema jasangarri bat lortzeko bidean

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude