Zu zara giltza*

Orain gutxi goiburu berria gehitu genion HIRUKA izenari: «Prentsa euskaraz, pentsa euskaraz». Euskaraz pentsatzea, euskaraz bizitzea, horra erronka. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial erraldoia proposatu berri digu Euskaraldiak; bide horretan abiatzeko urrats polita egin dugu euskaldunok, baina asmo onak gauzatzea, batzuetan, gura baino gaitzagoa izaten da, eta are gaitzago erdara hain harro dabilen Uribe Kosta honetan.

Erdaratik euskararako jauzia egiteko garaian, beharbada, hedabideen kontsumoari dagokiona da euskaldunok gainditzeko daukagun oztoporik handiena. Hala ere, hamarkada bi baino gehiago da gure eskualdean euskarazko tokiko hedabideak dabiltzala eten barik, informazioaren zelai-joko zurrunbilotsuan txoko bat eurenganatuz, eta kalitatean gora eginez.

Tradizio horren oinordekoa da esku artean daukazun HIRUKA hau, etapa baten azken mugarria. Itolarrian dago proiektua, eta arnasa berrituko badu, ezinbestean aldaketa handiak egin beharko ditu. Honenbestez, astean behin kaleratzeari utziko dio papereko aldizkariak; hilabetean behinekoa izango da maiztasun berria, orrialde gehiagogaz bada ere. Ordainetan, webgunea indartzeko ahalegina egingo dugu, besteak beste ikus-entzunezkoari tarte zabalagoa eskainiz eta gaurko teknologiak eskaintzen dituen aukerei etekina ateraz.

Asmo onak gauzatzeko, ordea, zu behar zaitugu bide-lagun. Zu hurbileko kontuez informatzeko, zuk euskaraz bizi eta pentsatu ahal izateko murgiltzen baikara egunero euskal prentsaren abentura ederrean. Gabon hauetan, beti legez, zure hauspoa izango da guretzat oparirik onena. Egin zaitez HIRUKAlagun, eta argitu gure bidea.


Info +

Info +

(*) Aurreko testua HIRUKA aldizkariaren 143. zenbakitik hartua dugu. Eskualdeko euskarazko aldizkaria eta proiektu osoa itolarrian dago, diotenez. Horregatik aldaketa handiak egingo dituela iragartzen du: astekaria izateari utzi eta hilabetekari bilakatuko da, webgunea indartuko du,…Baina, dioten bezalaxe, «euskaldunok behar zaituztegu bide-lagun». Horrexegatik, leihoa.info-tik gure jarraitzaile euskaldun eta euskaltzaleak HIRUKAlagun egitera deitu nahi zaituztegu, Uribe Kostako euskarazko komunikazio talde bakarraren bidea argitzen laguntzeko. HIRUKAk behar du. Euskarak merezi du. Egizu HIRUKAlagun!

HIRUKAlagun egitea  https://hiruka.eus/harpidetza/laguna/

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude