“Igandean ustelkeriari amaiera emateko” deia egin du Maddalen Iriartek De Miguel auziaren epizentroan

“EAJ ez da bere etxe barruko ustelkeria geldiarazteko gai izan eta unea da lapurtutakoa hautestontzietan ordainarazteko”, esan du Iriartek I EH Bildu “zintzotasunaren eta erregenerazio demokratikoaren botoa” dela ziurtatu du

EH Bilduk euskal ustelkeriaren epizentrora, “zero zonara”, eraman du gaur hauteskunde kanpaina, Miñaoko Parke Teknologikora, De Miguel auzia azaleratu zen tokira. Bertan, Maddalen Iriartek azpimarratu du igandean herritarrek “ustelkeriari amaiera emateko aukera” izango dutela, “klientelismoa, lagunkeria eta entxufismoa amaitzeko aukera”. Bere hitzetan, “kutxa publikoetatik lapurtutakoa hautestontzietan ordainarazteko unea iritsi da”, eta hori lortzeko, azaldu du, “EH Bildu da balio duen botoa: EH Bilduren boto-paperak zintzotasuna eta erregenerazio demokratikoa irudikatzen ditu. 120 udal baino gehiago ditugu gure ardurapean eta zero ustelkeria kasu ditugu”.

Lehendakarigaiak ez du ahaztu nor den De Miguel eta nola baliatu zen EAJn eta Arabako Foru Aldundian zeukan posizio politikoaz komisio ilegaletan ia milioi bat euro kobratzeko. “Ustelkeria, baina, ez da salbuespena gure herrian, araua baizik, EAJ ez delako bere etxe barruko ustelkeria geldiarazteko gai izan”. Hala, Iriartek gogora ekarri duenez, “gero eta luzeagoa da politika, gizartearentzako zerbitzu gisa baino, aberasteko modu gisa ulertzen duten pertsonen zerrenda: De Miguelen kasuan ia milioi bat euro desagertu zen komisioetan eta 16 milioi iruzurrezko operazioetan, baina De Miguel kasu asko daude: Alonsotegi, 17 milioi desagertuta; Karrantza, 10 milioi desagertuta; Marguello, 6’8 milioi desagertuta; Osakidetza kasua dugu, Gipuzkoako Ogasunaren kasua, Balenciaga…”, guztiak EAJri lotutakoak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude