Leioa emakumezkoen nazioarteko eskubaloi txapelketako egoitzetako bat izango da

Leioa Emakumezkoen Nazioarteko Basque Country Cup txapelketaren egoitzetako bat izango da azaroaren 25etik 27ra bitartean. Lehiaketa honetan sei selekzio handi hartuko dute parte: Finlandia, Luxenburgo, Kongo, Brasil, Argentina eta Euskal Selekzioa, eta Leioan azaroaren 25ean jokatuko da.

Kirol ekitaldi hau beste herri batzuetan ere egingo da, hala nola Berangon eta Eibarren. “Txapelketaren helburu nagusiak hauek dira: kirol hau lurralde barruan sustatzea, euskal selekzioen proiekzioa bultzatzea eta gure mugetan eragin handiko lehiaketa bat egitea”, adierazi dute Euskal Selekziokoek.

Udalak herriko taldeen laguntza izan duela kirol ekitaldi hau egiteko adierazi du. Leioako Sakoneta kiroldegiak Luxenburgo-Brasil partida hartuko du azaroaren 25ean 17:45ean eta Finlandia-Euskal Selekzioa 20:00etan.

Zalantzarik gabe, «nazioarteko jokalariak lanean ikusteko» aukera paregabea izango da. Hilaren 23, 25, 26 eta 27an egingo den ekitaldi honen helburua eskubaloia bultzatzea da, bai eta horrelako ekitaldiak ikusaraztea eta erregulartasun handiagoz egitea ere.

Kirolean ere emakumeen presentzia sustatuz

Nazioarteko kirol-ekitaldi hau azaroaren 25arekin, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, bat datorrela aprobetxatuz, Leioako Udalak morez jantzi nahi izan du ekitaldi hau eta emakumeen presentzia babestu nahi izan du kirol arloan ere. Eskumuturreko moreak banatuko ditu “Kirolean ere Leioako emakumeak” esaldiarekin. Gainera, Kultura eta Kirol Sailak Boulevardeko obeliskoa ere argiztatuko du 18:00etatik 23:00etara.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude