Sei euskal preso Euskal Herrira eta zazpigarren bat hurbilduko dute

Aste batzuetan iragarpenik egin gabe pasa ondoren zazpi lekualdetzeen berri eman du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak: lau preso Basaurira, bi Zaballara eta beste bat Kantabriako Duesora.

Abuztuko azken egunean berraktibatu da presoak gerturatzeko dinamika. Zazpi lekualdetze iragarri ditu Espetxe Zuzendaritzak astearte honetan, horietatik sei Euskal Herrian diren kartzeletara.

Euskal Herrira ekarriko dituztenen zerrenda hau da: Asier Rodriguez Soriatik Basaurira pasatuko da; Guillermo Merino, Zaragozako Zueratik Basaurira; Joseba Lerinek ere bide bera egingo du, Zueratik Basaurira; Jon Etxeberria Duesotik atera eta Zaballara ekarriko dute; Ibai Aginaga, Duesotik Basaurira; eta Iosu Ordoñez, Topasetik Zaballara. Palentziako Dueñasetik Kantabriako Duesora hurbilduko dutena Imanol Miner hernaniarra da.

Mugimendu hauek guztiak gauzatuko direnean 66 izango dira Euskal Herrian diren euskal preso politikoak: lau espetxeetan (Zaballa, Martutene, Basauri eta Iruñea), zentro berezietan edota beren etxean espetxealdi arindua emanda.

Ez dago gradu aldaketarik gaurko iragarpenean. Foro Sozialaren Behatokiak bere azken txostenean zehaztu duenez, bigarren gradutik hirugarrenera pasatzea oztopatzen ari da Auzitegi Nazionala.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude