Zer berri? :: “Begin”, Irati Bilbaoren diskoa

Irati Bilbao durangar gaztea dugu hemen bere ahots zoragarriaren bitartez, protagonista nagusia. Musikene, Euskal Herriko goi mailako ikastegian jazz gradua ateratzen jardun den lau urteetan su baxuan pixkanaka eta mimo guztiz garatutako proiektu bat da bere hau, gaitasun tekniko izugarriaz gain oso sentsibilitate pertsonal batez eratutakoa eta konposaketen doinu eta hitzen arteko joko etengabez hornituta datorrena.

Eta hori gutxi balitz musikari laukote bikain bati bere espresio artistikoa ekartzeko aukera eta tokia eskaintzen dio gainera. Iratiren antzera, aintzinako musika, jazz-a, pop eta garaikidearen arteko eremu liminal batetan mugitu dira bere lau kideak beti, sormen askea eta mugagabea abestiaren ezaugarri eta beharrei beti doitzeko gaitasun fina erakutsiz beti.  Eva Alcaide gitarrajole madrildarra Creativa ikastegian Emmet Crowleyren ikasle izandakoa, Musikenen bukatu eta gaur egun Eskoziako kontserbatorio errealeko ikaslea dugu. Alicanten jaiotako Jorge Fernandez pianojole dotorea, Iñaki Salvadorren ikasle izan da eta No Land taldeko partaide da. Carlos Montul huescatar baxulariak eta Jo Krauseren ikasle den Aitor Bravo arabar bateri joleak osatzen dute talde gazte benetan aparta.

Baina bakoitzaren kurrikulum edo zehaztasun teknikoen gainetik, 2019ko udazkenean Oiartzungo Mecca Recording Studioetan grabatutako berezko konposizio hauen kohesioa eta iraunkortasuna da benetan deigarria. Itxurazko klasizismoaren azpian ezkutatzen den jakituria eta aberastasuna alegia. Gaitasun teknikoak ikasteaz gain haratago joateko kuriostasuna eta ausardia dutenen seinale. Begin da hasiera. Ez galdu arrastoa…


Laburrean

Izenburua  Begin

Musikaria  Irati Bilbao

Argitarapen urtea  2021

Hizkuntza

Diskoetxea  Gaztelupeko hotsak

Salneurria  10 €


Begin diskoaren Sin tu latido kantaren bideoklipa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude