Osasungintza publikoaren aldeko giza-katea ostiralean

Datorren ostiralean, urtarrilaren 22an, osasungintza publikoaren aldeko giza-katea deituta dago herrian.

Aurreko ostiralean eta abenduan zehar egin den bezala, arratsaldeko 19:00etan dago jarrita hitzordua, Leioako Osasun Zentroaren Plazan.

Bertatik, Sabino Arana oinezkoen kalerantz abiatuko dira bildutakoak, Udondoko Bulebarrera heldu baino lehen Luis Bilbao Libano kalerantz joko dute eta kalea zeharkatu ostean, Avanzadaren Bulebarreko piruliaren inguruan batuko dira ekitaldiari bukaera emateko.

Giza-katean, lehen egiten ziren konzentrazioetan bezala, “osasungintza publikoa defendatu!” jarri dute lelotzat, eta aurrekoetan osasungintza publikoan inbertsio handiagoa eta giza baliabide gehiago eskatu dituzte. Bide batez, Lehen Arretarako baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago aldarrikatu dituzte eta osasungintza publikoan azken urteotan egin diren murrizketen eta pribatizazioen aurkako kartelak eraman dituzte parte hartu duten herritarrek.

Giza-kate hau Osakidetzako sindikatuek deitutako osteguneko mobilizazio egun berriaren ondoren egingo da. Horretan, goizeko 11:00etan konzentrazioak burutuko dira Ospitaletan (Urdulizen, esaterako) eta 13:00etan Osakidetzaren gainerako zerbitzu, Anbulategi eta Osasun Zentroetan (Leioakoan, kasurako).

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude