Iruñeko eta Donibane Garaziko Aberri Eguneko deialdiekin bat egiten du SORTUk

Aberri Eguna Iruñean eta Donibane Garazin ospatuko ditu SORTUk aurten. Alde batetik, Independentistak Sareak deitutako mobilizazioekin bat egiten du eta igandean, 12:00etan ‘Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe’ lelopean Iruñeko Sarasate pasealekutik abiatuko den manifestaziora joateko deia egiten du SORTUk. Bestetik, EH Baik eta Aitzinak ‘Herriak eraiki, herriak erabaki’ lelopean Donibane Garazin ospatuko duten Aberri Egunera joateko ere dei egiten du.

Ezker abertzalearen alderdiaren aburuz “Iruñeko zein Donibane Garaziko deialdiak logika berean datoz, eta funtsezko aldarrikapenak jasotzen dituzte: erabakitzeko eskubidea eta burujabetza”. Dioenez, “herritarrok nahi dugu erabakiak geuk hartu ahal izatea. Ez bakarrik lurraldetasunari buruz, egunero eragiten diguten gaiei buruz ere baizik: pentsiodunen soldatei buruz, euskararen normalizazioari buruz, soldata-arrakalari buruz, langileen egoerari buruz, eta abar”.

Gaineratzen duenez “inolako injerentziarik gabe erabaki nahi dugu. Betorik gabe. Azken batean, Madrilen eta Parisen esku egon ohi dira azken erabakiak, euskal herritarren esku beharrean”. Horregatik, SORTUren aburuz, “behar dugu burujabetza. Horregatik sortu nahi dugu euskal errepublika. Sinistuta gaude burujabetzara salto egiteko hainbat oinarri jarriak direla Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan”. “Orain, HERRItmoa BIZItu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa da indarrak biltzea burujabetzaren alde” diote ezker abertzalearen alderditik.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude