La Vuelta Leioan :: Bizkaiko Zubian batzera eta “hau Euskal Herria dela” aldarrikatzera dei egin dute

”La Vuelta” bihar igaroko da Leioatik eta eskualdeko beste bi herritatik, Getxotik eta Erandiotik hain zuzen.  Espainiako itzulia Getxoko kirol portutik aterako da, ibilibide neutralizatua egiteko, hortik Areeta aldera jotzeko. Bizkaiko Zubitik aurrera, Leioa ere zeharkatuko du Nerbioi ibaiaren ondoko errepidetik (BI 711), ondoren Erandio igarotzeko eta Bilborantz jotzeko.

Hori dela eta, zenbait eragile sozial eta politikok dei egin dute bizikleta itzuli espainiarra igarotzen deneko errepideetara atera eta ikurriñekin eta bestelako ikurrekin euskal gizartearen aldarrikapen behinenak plazaratzeko.

Gure Esku Dago (GED) herritarren ekimenak “Libertad es decidir. Etorkizuna gure esku dago” aldarrikatzera gonbidatu ditu herritarrak Espainiako Itzulia pasatuko den errepideetan zehar, “era baketsu eta alaian, lau haizetara zabaltzeko erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria.

Eskualdean, bestalde, “Hau ez da Espainia, Euskal Herria da” izeneko aldarria zabaldu da ere. Eta lau deialdi nagusi egin dira itzulia igaroko den biharko egunerako. Batetik Ereagako igogailuan (Algorta), 11:30etan deitu da. Bestetik, 12:30etan Bizkaiko Zubian, eta ordu berean, Astrabuduko gasolindegian eta Erandioko enbarkaderoan. Leioaztarrak Bizkaiko Zubira jotzeko deia egin da.

Deitzaileek ikurriñak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ikurrak eta presoen aldekoekin lau puntuotan agertu eta zabaltzera deitu dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude