Lehen mailako arreta arrisku bizian

Miren Edurne UgarteI Leioako Osasun Zentroko medikua (*)

Garai aldrebes hauetan, askotan egon gara osasun-langileok guztion ahotan. Gehienetan, pandemian egindako lana goraipatzeko eta eskertzeko izan bada ere, ezin dugu ahaztu orain aste batzuk komunikabideren batek kaleratutako osasun-langileen soldaten gaineko informazioa. Badirudi horren asmoa gizarteari pribilegiatuak garela helaraztea zela, baina dirusarien zifra horiek egiatik ezer gutxi zuten, jakina.

Orain dela gutxi ere, Lehen Mailako Arretako langileak kritikatuak izan gara kontsulta telefonikoak baino ez ditugulako egiten, gure pazienteen kalterako, baina aurrez aurreko kontsultak bertan behera uztearena ez da gure erabakia izan, Osakidetzako agintariena baizik, konfinamenduaren goiburua “Geratu etxean” dela argudiatuz.

Hori bai, egunero, eta atsedenik gabe, pazienteak telefonoz artatu eta haiek ikusi gabe erabaki zailak hartzeaz gain, gaixoak osasun zentroan edota haien etxeetan ikusi ditugu beharrezkoa izan dela iruditu zaigun guztietan. Eta hori gutxi balitz, txandak egin behar izan ditugu “osasun-zentro zikinetara” joateko, non Covid-19aren infekzioa izateko sintoma susmagarriak dituzten pazienteak diagnostikatu eta tratatu behar izan ditugun, osasun-zentroan bertan edota haien etxeetan.


Aurrez aurreko kontsultak bertan behera uztearena ez da gure erabakia izan, Osakidetzako agintariena baizik. Hori bai, egunero, eta atsedenik gabe, pazienteak telefonoz artatu eta haiek ikusi gabe erabaki zailak hartzeaz gain, gaixoak osasun zentroan edota haien etxeetan ikusi ditugu beharrezkoa izan dela iruditu zaigun guztietan.

Bitartean, gure eguneroko lan-karga jatorrizko osasun-zentroetan gainerako lankideek hartu behar izan dute haien gain. Adibide bat jartzearren, Leioako Osasun Zentroan orain aste batzuk lau langile joan ginen Areetako Osasun Zentrora “Covid” izeneko kontsulta egitera, eta lau pertsona horien falta ez da inola ere ordezkatu.

Osasun-langileak komunikabideetan aipatu edo txalotu dituzten gehienetan, jendeak Urgentzietako edota Zainketa Intentsiboetako Unitateetako profesionalak izan ditu buruan. Egia da Lehen Mailako Arretako langileen lana oso isila izan dela, oharkabea, agian, baina hantxe egon gara sintoma arinak zituzten pazienteak kontrolatzen, isolatzen eta aholkuak ematen, eta okerrera egiten zutenean ospitalera bidaltzeko erabakiak hartzen. Horren berri, haiek, gure pazienteek, baino ez dute izan. Lan isil baina jarraitu horrek deskonfinamenduaren eta normaltasun berriaren fase honetan ere darrai.

Deskonfinamenduaren sasoi honetan ikus-entzuleek berrio eduki dute Lehen Mailako Arretaren berri: fase batetik bestera pasatu ahal izateko derrigorrezkoa omen zen %10eko indartzea Lehen Mailako Arretan. %10eko indartzea?. Nola indartu pandemia baino lehen Osakidetzako gestio txarrak zeharo txikitu duen Lehen Mailako Arreta? Osakidetzako gestoreen obsesio patologikoa gastua kontrolatzea baino ez da izan, eta lortutako akordio gehienak ez dituzte bete. Orain urte batzuk, sendagile eta erizain bakoitzak artatu behar zituen pazienteen kopurua (kupoa) 1.400era murriztea lortu genuen, epe ertainera 1.200ekoak izateko itxaropenarekin, baina, gaur egun, 1.600 paziente pasatxo ditugu. Horretaz gain, laneko bajak edo oporraldiak ez ordezkatzeko joera sistematikoa da gurean, eta kasurik onenean, ordezkoren bat bidaliz gero, bi edo hiru kontsulta batera egiteko izan ohi da. Horixe da modako politika ezaguna: txapela batekin hiru buru estaltzearena. Horrek norberaren pazienteak artatzeaz gain falta diren lankideenak artatu beharra ekartzen du, jakina.


Hiru erizain gestore kontratatu dituzte kasu eta kontaktuen jarraipen telefonikoa egiteko Uribe eskualdean (30 Osakidetza osoan).Edozeinek asma dezake ze portzentaje den hori, baina ez da % 10ekoa, jakina. Hau dena ikusita, oso galdera erraza egin nahiko genieke kontseilariari eta Uribe ESIko goi karguei: zer kontatu diozue Madrilen Lehen Mailako Arretaren indartzearen gainean deskonfinamenduaren fase batetik bestera pasatzeko irizpideak ebaluatzen zituen komiteari?

Orain dela urte batzuk, krisi sasoian, ez ordezkatzeko argudioa diruaren falta zen, baina orain politikoki zuzenagoa den azalpena aurkitu dute gure gestoreek: “ez dago ordezkorik”. Tamalez, hori kasu askotan egia izaten da, sendagile zein erizain asko, urtetan lan-baldintza oso prekarioetan ordezko bezala aritu eta gero, Osakidetzatik kanpo lan egitea erabaki baitute (mutuetan, klinika pribatuetan zein Europar Batasuneko bestelako herrialdeetan). Hala ere, nahiz eta administrazio-laguntzaileen kontratazio-zerrendetan langile faltarik ez egon (eta, beraz, “ez dago ordezkorik” argudioa lekuz kanpo egon), estamentu horretan ere joera inor gutxi ordezkatzea izan ohi da. Eta hau guztia nahikoa ez balitz, esan behar dugu Osakidetzan langileok aspaldian ez dugula ganorazko etengabeko prestakuntzarik jasotzen; Covid-19-aren eta bere ondorioen gainean eman diguten informazio eta prestakuntza bakarra posta elektronikoz bidalitako hainbat protokolo izan dira. Hori bai, astero protokolo desberdin bat (askotan aste berean protokolo bat baino gehiago), eta haien artean zeharo kontrajarriak. Baina ez dute inoiz gure iritzia kontuan hartu, ezta gure kexak entzun ere egin. Ez gaituzte inoiz aintzat hartu.

Orain arte aipaturiko guztiagatik pasa den urteko udaberrian lanuzteak konbokatu genituen, baina tamalez, ordutik hona egoerak onera egin beharrean, txarrera egin du nabarmen. Izan ere, Osakidetzak badu bere “deskonfinamendu” plan propioa, Lehen Mailako Arretaren zeharo desegitea ekarriko duena, alegia. Eta horretan Uribe eskualdeko gestoreak arituak dira. Zertan geratu da hainbeste aldiz aipaturiko Lehen Mailako Arretaren indartzea? Bada, hiru erizain gestore kontratatu dituzte kasu eta kontaktuen jarraipen telefonikoa egiteko Uribe eskualdean (30 Osakidetza osoan). Edozeinek asma dezake ze portzentaje den hori, baina ez da % 10ekoa, jakina. Eta postrerako, Uribe eskualdeko zentro gehienetan uda honetan sendagileentzako ordezkapenak 0 izango direla komunikatu digute, jadanik, baita administrari eta erizain ordezko oso gutxi bidaliko dituztela ere. Hau dena ikusita, oso galdera erraza egin nahiko genieke kontseilariari eta Uribe ESIko goi karguei: zer kontatu diozue Madrilen Lehen Mailako Arretaren indartzearen gainean deskonfinamenduaren fase batetik bestera pasatzeko irizpideak ebaluatzen zituen komiteari?


Ezin dugu gehiago. Oso nekatuta gaude, baina gure jarrera eta borondate ona dez dira aldatuko. Horregatik, hainbeste txalotu gaituzuen zuei guztioi, hausnartzeko eskatzen dizuegu, hain preziatuak diren gure osasun publikoko zerbitzuak ez uzteko kalitateari erreparatu gabe buruan gastua murriztea baino ez duten horien eskuetan.

Bukatzeko, ez gara gehiegi luzatuko gure egunerokoan erabakiak hartzeko eskura ditugun proba diagnostikoen fidagarritasun eskasaz, ezta pandemiaren hasieran erabiltzen genituen babes-neurrien prekarietateaz ere. Inork ez dio bere buruari galdetu zergatik dugun osasun-langile kutsatuen kopururik handienetakoa Europan?

Ezin dugu gehiago. Oso nekatuta gaude, baina gizarteari esan nahi diogu oztopo hauen guztien gainetik gure jarrera eta borondate ona ez direla aldatuko, eta berriro ere, zuekin egingo dugula txalo. Horregatik, hainbeste txalotu gaituzuen zuei guztioi, hausnartzeko eskatzen dizuegu, hain preziatuak diren gure osasun publikoko zerbitzuak ez uzteko kalitateari erreparatu gabe buruan gastua murriztea baino ez duten horien eskuetan.

(*) Agiria Uribeko ESIren beste 101 osasun- eta administrazio-langilek ere sinatua da

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude