SORTUk bihar larunbata Bilbora joatera deitzen du, “presorik gabeko ziklo berri bat irekitzeko”

SORTUk dei egin die herritarrei presoen aldeko mobilizazioetan parte hartzera, bereziki larunbat honetan ‘Bada garaia, presoak kalera’ goiburupean egingo den manifestaziora. SORTUren aburuz, “ziklo berri baten atarian gaudela-eta, ezinbestekoa da aurreko zikloak utzitako ondorio guztiei irtenbidea ematea, tartean presoenari”.

Ezker abertzalearen erakundearen aburuz “gizarte honek bakearen eta bizikidetza demokratikoaren gainean eraiki nahi du etorkizuna. Horretarako funtsezkoa da presoak kaleratzea. Hala ez bada, ezin da benetako bakerik eta normalizaziorik egon”.

“Espainiako eta Frantziako estatuek presoen aurka darabilten indarkeriak lehenbaitlehen amaitu behar du” diote . SORTUren arabera, “lehentasunez zenbait urrats eman behar dira presoen afera gainditzeko. Aitzakiarik ez dago presoen urruntzeari eta bakartzeari eusteko; aitzakiarik ez dago gaixorik larri daudenak ez etxeratzeko; aitzakiarik ez dago lehen graduko erregimena mantentzeko”.

Horregatik guztiagatik SORTUk “bihar larunbata, 17:30ean La Casillan hasiko den manifestazioan parte hartzeko animatu nahi ditu herritarrak”.


Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude