“Volar” dokumentala proiektatuko dute gaur Kultur Leioan

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira, arratsaldeko 19:00etan hasita “Volar” dokumentala ikusteko aukera egongo da gaur Kultur Leioaren Auditoriumean. Filma Emakundeak ekoitzi du, eta Bertha Gaztelumendik zuzendu du. Ikusi ahal izateko, aldez aurretik gonbidapenak eskatu behar dira udal Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan (Estartetxe kalean). Filmaren ostean luntxa eskeiniko zaie pelikula ikustera hurbildutakoei, Kultur Leioaren anbiguan.

Ekitaldi ugari azaroaren 25aren bueltan

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren ospakizunak azaroaren 12 hasi ziren, “Arturo y Clementina” izeneko pelikularen emanaldiarekin. Atzo, gaur eta bihar, bestalde, “indarkeriaren kontrako alderantzizko graffitiak” izeneko ekitaldia dago programatua. Bihar ere, azaroak 24, urteroko ohiko konzentrazioa ere burutuko da, eguerdiko 12:00etan Boulevard-ean. Bertan, udalak onartutako adierazpena irakurriko da. Larunbatean ere, ordu berean eta leku berean, konzentrazioa deituta dago. Bertaratzeko gonbidapena luzatu zaie ikastetxeei, herriko elkarteei eta herritarrei. Ekitaldi hauek guztiak udalaren Berdintasun Sailak antolatu ditu, Andrak herriko emakumeen elkartearekin eta ikastetxeekin batera.

Aurrekoez gain, sentsibilizazio udal kanpainaren kartelak jarriko dira, “indarkeria ez da beti ikusten” leloarekin. Puntu lila duten pegatinak ere banatuko ditu udalak, eta udaletxeko balkoian lona morea jarriko du. Bestalde, autodefentsa ikastaroak antolatu dira eta ikastetxeekin elkarlanean sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, tapoi bilketaren bitartez. Horrekin batera, Jaia geurea, gauean ere bai goiburua erabiliz, kartel-lehiaketa antolatu dute ikastetxeta guztietan. Kartel irabazlea 2018ko jaietan erabiliko da eraso sexisten kontrako irudi legez. Azkenik, Kutxa morea postontzi birtuala zabaldu du Udalak bere webgunean leioaztarrek idatzitako emakumeenganako indarkeriaren aurkako mezuak jasotzeko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude