Euskaraldia, euskal hiztunen aktibazioa helburu

11 dira euskara bultzatzeko prestatzen diren egitasmoak: Korrika, Kilometroak, Araba euskaraz, Ibilaldia… gehienak euskara egun bakarrez bultzatzen dutenak, eta, jakina denez, ohiturak ez dira egun bakarrean hartzen. Horretarako, egun bakarretik 11 egunera egingo dute salto Euskaraldiaren antolatzaileek, eta 2018ko iraila eta abendua bitartean Euskal Herriko euskaldun guztiek parte hartu ahal izango dute herriz-herri antolatuko diren dinamiketan.

Hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko ekimenaren aurkezpena 2018ko azaroaren 23an egin zen Bilboko Arriaga Antzokian. Bertan sustatatzaile diren 27 entitate eta erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten, guztien izenean Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza), Elena Laka (Euskaltzaleen Topagunea), Paul Bilbao (Kontseiluko Idazkari Nagusiak), Naiara Mujika, Lasarteko Ttakun euskaltzaleen elkarteko kideak; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordeak; eta Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Antolatzaileek azaldu zuten moduan, ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez zen zorizkoa izan. Azaroaren 23a aukeratu zuten, urtebete barru, egun horretan bertan abiatuko baita Euskal Herri osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimena. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuzEuskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia. Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonistak, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Euskal Hiztunen aktibazioa

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Antolaketan auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean urtebete barru egingo den gizarte ariketa prestatzeko.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dituzte. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dietenak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Hala ere, une honetan 40 herritik gora, tartean zenbait hiriburu, datorren urteko Euskaraldiaren antolaketan murgilduta daudela aurreratu dute sustatzaileek, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela azpimarratu dute. Martxoan izango dituzte herri, auzo edo eskualde parte-hartzaileen zerrenda. Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia dinamikan izena emateko aukera. Izen ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Egun horietan zehar parte-hartzaile guztiek Ahobizi edo Belarriprest ikurra eramango dute soinean.

Aurrerapauso handiak emateko aukera Leioan

Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzailea, leioaztarra da eta Leioan dinamika hau aurrera eramateko gaitasuna egon badagoela adierazi du: “Leioako kaleetan euskara asko ez entzun arren, badakigu jende askok ulertu eta hitz egiten egiten duela, beraz, jende hori aktibatzea izango da erronka”. Momentu honetan ez dago Leioan batzorderik Euskaraldia dinamikan parte hartzeko. Lan hori erakunde publiko, kultur elkarte, euskaltegi, kirol elkarte edo norbanakoen artean egin beharko dute, baina Illarok argi du ekimena aurrera aterako dela: “Pena handia izango litzateke nire herrian Euskaraldia ez prestatzea, baina ziur nago herriak duen potentzialitatearekin goiz ala berandu aurrera aterako dela”.

Gainera, hainbat herritan egin dira horrelako ekintzak azken urteetan eta, ariketa kolektibo bezala, “ilusioz beteriko esperientziak” izan dira, eta herri gehienetan errepikatu egingo direla aitortu dute. Beraz, leioaztarrak antolatu beharko dira haien auzokideak aktibatzeko eta 2018ko azaroaren 23an Euskaraldia ospatu ahal izateko. Irailean Ahobizi edo Belarriprest gisara izena eman ahal izango dute leioaztarrek.

 

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude