Euskararen urrezko Bikain kalitate ziurtagiria jaso du Betiko Ikastolak

‘Bikain 10, zurekin hamaika!’ lelopean, Bikain ziurtagirien banaketa ekitaldien hamargarren edizioa ospatu zen atzo Gasteizko Europa Jauregian. Orotara, 20 entitate jaso dute ziurtagiria; horietatik hamaikak goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute, zazpik tartekoa den zilarrezkoa eta bik oinarrizkoa. Lurralde banaketari dagokionez, berriz, sei Bizkaikoak izan dira, hamahiru Gipuzkoakoak eta bat Arabakoa. Tartekoa den zilarrezko Bikain ziurtagiria Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateari banatu zaio. Urrezko Bikain ziurtagiria jaso dutenen artean, bestalde, Leioako Betiko Ikastola egon da. Gehienezko mila puntuetatik 950 eskuratu ditu herriko ikastolak.

Ebaluatzaileek egindako txostenean azaltzen denez, hiru dira Betiko Ikastolaren hiru indargune garrantzitsuenak: Lehenik eta behin, “zuzendaritzaren inplikazioa eta ldergo argia ikatolan zein hezkuntza komunitatean eta horien inguruan euskararen normalizazioa lortzeko; eta horretarako, ikastolak euskara modu integralean kudeatzen du”. Bigarrenik, euskararen kudeaketa integral horretarako, gainera “zuzendaritza taldeak berea eta langile guztien konpromisoa du”, ebaluatzaileek diotenez. Eta azkenik, kanpoko ebaluatzaileek azpimarratzen dutenez, “Betiko ikastolaren balio erantsia euskara bera denez, gurasoek ikastola hautatzen dutenean, euskararen aldeko hautua egiteaz gain, ikastolaren norabidea eta egun duen euskararekiko konpromisoa ere bermatzen dute!”.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, bere aldetik, azpimarratu zuen “inoizko baldintzarik onenak ditugula” euskara lan-munduan sustatzeko. “Urteak dira euskara lan-munduan sustatzeko bideari ekin geniola, arlo publikoan zein pribatuan. Bide horretan giltzarri izan da Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien proiektua, eta ehunka enpresa eta entitateren konpromisoa. Horiei guztiei gure esker ona agertu nahi genien proiektuak 10 urte betetzen dituen honetan”.

Bikain kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan egin ohi diren, eta nola kuadetzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluatzen diren alorrak ondorengo hauek dira: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo-harremanak, barne-harremanak eta hizkuntza kudeaketa.

Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko zein pribatu orok ebaluazioa jaso eta gainditu behar dute, eta, lortutako emaitzaren arabera, hiru maila ezberdinetako ziurtagiria jaso dezakete: oinarrizko maila (Beltza) gutxienez 200 puntu lortu dituztenak (1.000 puntutik); tarteko maila (Zilarrezkoa), gutxienez 500 puntu lortu dituztenek; eta goi maila (Urrezkoa), gutxienez 800 puntu eskuratu dituztenek.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude