Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko konzentrazioa

Gaur, maiatzak 17, arratsaldeko 20:00etan burutu da Sakoneta Kiroldegian Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko konzentrazioa, Sortuk deituta. Konzentrazioa “Bakea eta askatasuna irabaztera! Josu eta besteak askatu!” lelopean burutu da.

Hogeita hamar lagunek  parte hartu dute ordu erdiz luzatu den konzentrazioan. Bukaeran, Sortuk publiko egindako balorazioa irakurri da. Bertan, ezker abertzalearen antolakundeak atxiloketa salatu eta berehala aske uzteko eskatzen du. Sorturen ustez atxiloketak “ez du gure herrian bake agertoki bat eraikitzen laguntzen” eta gogora dakar Urrutikoetxea izan dela “bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat”. Urrutikoetxea izan zen ahotsa jarri ziona ETA desegin zeneko agiriari, Sortuk gogoratzen duenez.

Sorturen iritziz, operazioak agerian jartzen du “askotan esan duguna: zoritxarrez bakeak herri honetan eta estatuetan etsai boteretsuak izaten jarraitzen du. Bi estatuek gaurko atxiloketarekin adierazten dute bakearen aldeko apustu horretan oztopo izaten jarraitzen dutela. Herri honetan bake oso, justu eta iraunkor bat oztopatzen dute. Euskal gizartearen nahirik eta desiorik handienari eraso egiten jarraitzen dute.”

Sortu adierazten duenez, “ETA desagertu zen, ETAren biolentzia betiko desagertu zen baina herri honetan biolentziak izan badira: estatuen biolentziak indarrean jarraitzen dute. Azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako”.

Bere agirian, ezker abertzalearen erakundeak dei egiten die estatuei eta PSOEri “egin dezatelabehingoz, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezalaxe, estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua. Egin diezaiotela behingoz uko beren biolentziari. Egin dezatela behingoz apustu bakearen alde, demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde”.

Sortuk dioenez, “bakearen etsaiak berandu datoz, ez dutelako lortu herri honen bakeranzko bidea galarazterik. Orain ere, ez dute lortuko. Euskal gizarteak aspaldi egin zuen hautua bake eta askatasun agertoki baten aldekoa. Erasoak eraso, oztopoak oztopo, ez estatuek ez bakearen etsai amorratuenek ere ez dute lortuko herri honen determinazioa galaraztea”.

Horregatik Sortuk herrietan konzentrazioak deitu ditu eta bihar, larunbata, Ugaon, 18:30ean manifestazioa deitu du herriko plazatik. Eta maiatzaren 26an “bakearen eta askatasunaren apustu irmoa hautestontzietan erakustera deitu du ere, EH Bildu bozkatuz”.

Arkaitz Rodriguez, Sorturen idazkariaren prentsaurrekoa

 

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude