1000 ekarpen baino gehiago herriko kirol-etorkizuna definitzeko prozesu partehartzailean

Udalak martxan jarritako Leioaren kirol-etorkizuna eraikitzen izeneko prozesu partehartzaileak interesa benetan piztu duela herritarren eta kirol elkarteen artean zalantzarik ez dago: 1000 ekarpen baino gehiago jaso ditu tokiko instituzioak prozesu osoan zehar. Hala adierazi du Mari Carmen Urbieta herriko alkateak partehartzaile guztiei igorritako gutunean. Era berean eskerrak eman dizkie guztiei eta jasotako ekarpen guzti horiek, behin erregistratuta, analisi fasean daudela eta «horiek, Leioako kirol instalazioak eta etorkizuneko kirol eredua diseinatzeko kontuan hartuko direla» dio Alkateak uztailaren 28ko data duen bere gutunean.

Kirol-eredu berri bat Leioarako

Prozesu partehartzailea ezagutarazi zenean «Udalak udalerrian kirol-eredu berri bat sortzeko beharra» mahaigaineratu duela zioen. Horren arrazoien artean honako hauek planteatzen zituen: «Leioaren errealitatea aldatu egin da eta udalerriak zein leioaztarrek konponbide, zerbitzu eta, batez ere, kirol-eredu berriak behar dituzte». Testuinguru horretan, partaidetza-prozesu bat abiaraztea proposatu zuen, «zuzen-zuzenean jakiteko zeintzuk diren Leioako bizilagunen premiak kirol-arloan». Besteak beste, «espazio publikoen erabilera posibleak, kirol jarduera berriak eta abar».

Horretarako, Leioa udalerrirako «kirol-ereduari eta kirol-eraikuntzen bitartez erantzuteko moduko proposamen eta beharrei buruzko herritarren iradokizunak eta iritziak ezagutu nahi izan ditu Udalak». Prozesu horretan Leioan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek eta herrian egoitza soziala duten elkkarteek, fundazioek edota bestelako erakundeek bere iritzia eman ahal izan dute ekainaren 20tik uztailaren 1era bitartean luzatu den epean hainbat bide erabilita: Herritarren Arreta Zerbitzuak, hainbat tokitan zein udal eraikinetan jarritako postontziak, prezeski honetarako erabilitako Karpa edota on-line bidez. Era berean, Ondiztorrean partaidetza-tailerra antolatu zen iragan ekainaren 27an.


Info +

Leioaren kirol-etorkizuna eraikitzen
Bideoa

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude