EHUren Leioako Campusaren ikasle mugimenduko kideek gune huts bat okupatu dute

Gaur goizean okupatu dute EHUren Leioako Campusaren ikasle mugimenduko kideek hainbat ikerketa talde eta Parke Zientifikoaren egoitza den eraikinean kokatuta dagoen gune huts bat, hain zuzen ere, Campusaren Bibliotekaren atzean. Ikasle mugimenduaren jardunaren beharrei erantzuteko eremua izatea dute helburu.

“Ugariak izan dira espazioaren aferan aurtengoan Leioako ikasle mugimenduak jasan dituen erasoak unibertsitatearen partetik”, azaldu dute ikasleek. Hainbat okupazio saiakeraren ostean, Gurutze Gorrian sartu ziren orain dela hilabete batzuk; hala ere, desalojatu eta eraikina bota zuten. Eraso guztiak elkarloturik daudela argi dutela adierazi dute.

“Unibertsitatean ematen diren borrokek muga batzuk dituztela” adierazi dute, “hauen bidez egungo logika zein osotasunarekin apurtu ezin dezaketela” gaineratuz; hala ere, epe labur batera begira taktikotzat jotzen dute egungo markoaren baitan izan ditzaketen zirrikituak baliatzea.

Hori dela eta, Leioako Campusaren liburutegi atzean kokatuta dagoen eraikin horretako gune huts bat okupatzea erabaki dute, “ikasleen beharrei erantzuteko asmoz”. Leioako ikasleei lokalaren defentsara batzeko dei egin diete Leioako ikasle mugimenduko kideek, lokala “ikasleona eta ikasleontzat” izan dadin.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude