155 pertsonak arbuiatu dituzte egindako pintada faxistak Erandioko bilkuran

155 pertsona elkartu ziren atzo Erandion aurreko igandean herri horretan, Leioan eta Getxon agertutako pintada faxistak arbuiatzeko, “Gora Euskal Herria euskalduna, feminista eta antifaxista!” zioen pankarta buru zutelarik.

Bilkuraren bukaera aldean bi herritarrek irakurritako agirian argi adierazi zuten “margoketak egin, babestu, sustatu edota erlatibizatzen dituztenek aurrean edukiko gaituztela”.

Salatu zutenez, “bestelako margoketa batzuekin ez bezala, ez ditugu ikusi irmotasun bereko erantzuna ematen”, eta alderdi batzuek egindako deklarazioetan, “faxismoa seinalatu eta marra gorria ezarri beharrean, ezer gutxi esaten duten deklarazioak egin dituzte”. Gaineratu dutenez, “ez du balio, gurean eraso faxistak egonik, euskal hiztunon, emakumeon eta abertzaleon kontrako mehatxuak tarteko, ultraeskuina eta frankismoa babesten dituen alderdi batekin batera ezer ez dioten deklarazioak sinatzeak”.

Bortxaketa arma politiko gisa erabiltzeko mehatxuarekin bereziki kezkatuta

Eskualdeko mugimendu feministak bultzatutako kontzentrazioan, Erandioko polikiroldegian agertutako pintadak “bereziki arduratzen” dutela adierazi dute, “emakumeon kontrako eraso zuzenak, bortxaketa arma politiko gisa erabiltzeko mehatxua zehazki, larritasun handiko kontua baita”. Egoera horrek, “batzuei ahoa parekidetasuna gisako hitzez betetzen bazaie ere, hemen ezer ez dagoela irabazita eta borrokarik gabe merezi dugun Euskal Herria parekide eta feminista ez dugula lortuko argi erakusten du”, bildutakoen arabera. Horrexegatik, “gaur bezala edozein egunetan ere matxismoa eta faxismoa seinalatu eta salatzera, espaziorik ez ematera, eta bereziki egunerokoan Euskal Herria feminista bat erikitzen jarraitzera” deitu dituzte bildutakoak.

Emakumeak bezala, mugimendu euskaltzalea ere “jo puntuan jarri dutela” salatu dute kontzentrazioan, Getxoko AEKren Lauaxeta euskaltegian pintada faxista bat egin baitzuten. Esan zutenez, “tristea da, 36ko altxamendu faxista igaro eta 85 urtera, oraindik hiztun komunitatearen kontrako erasoak jasaten jarraitzea, batzuek mapatik desagerrarazi nahi izatea, gure herriaren izatea bera ukatu eta abertzaleak fusilatzeko mehatxuak egon” izana.

Frankistak arbuiatzeaz gain, “jarrera hauek elikatzen dituztenak” salatu zituzten bilkuran: “Euskararen kontrako giroa sortzen duen oro, euskal hiztunon kontrako intolerantzia elikatzen duen oro eta gu bigarren mailako herritar bezala tratatzeak horrelako jarrerak elikatzen ditu”.

Pintada faxistetan jo puntuan jarritako emakumeak, disidente sexualak, gazteak, arrazializatuak, pobreak eta euskaldunak batzeko deia ere egin zuten, “banan banan mendera gaitzakete, elkarrekin ziur ezetz”, esanez.


Info +

Egindako adiearazpenaren zatia  Gora Euskal Herria euskalduna, feminista eta antifaxista!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude