Zer berri? :: Joseba Tapia, “Besamotzak”

Trikitilari edo soinu jotzaile jantzia estuegia zaio Joseba Tapiari. Hala izan da musika egiten hasi zenetik. Jakina da etxetik dakarrela musika Tapiak, haren DNAn daude txertatuta trikitixa eta kantua, baina baita rocka eta gitarra ere. 80ko hamarkadaren erdialdean diskoak argitaratzen hasi zenetik gaurdaino, musika ausarki egin du eta egiten du. Batere beldurrik gabe, harritzeko modukoa den naturaltasun berezi batekin. Besamotzak da bere azken emaitza.

Aspalditik baina, kantagintzari emana dago bakarkako ibilbidean, letraren edertasunari eta mezu kritiko eta ideologikoari zorrotz erreparatzen dion kantutegi bat osatzen ari da diskoz disko, eta aldi berean etengabe ari da diskurtso musikala berritzen. Horrek eraman du tarteka soinu txikiaren protagonismoa apaldu eta beste tresna batzuena indartzera. Eginahal horren emaitza dira orain arte argitaratutako sei diskoak: Apoaren edertasuna (1998), Québec. Hamar kantu independentziarako (1999), Agur Intxorta maite (2001), Real politik (2006), Eta tira eta tunba (2010) eta Tximela kapitainaren izarrak (2013).

Duela urtebete inguru proiektu berria aurkeztu zuen Joseba Tapiak: Besamotzak taldea. Eszenatokietan aritzeko gogoak bultzaturik, gitarra elektrikoari heldu eta bere bakarkako diskoetako hainbat kantu eder ahaire berriz jantzi zituen beste hiru musikariren laguntzaz: Iker Uriarte (bateria; Betagarri), Iñigo Telletxea (baxua; Anje Duhalde, Xabier Montoia, Borrokan, Petti…) eta Dani Narbarte (eskusoinua; Laiotz). Zuzenekoetan bakarrik aritzeko sortu zen Besamotzak, baina, zorionez, taldearekin egindako moldaketa berriak disko batean jasotzea erabaki du Tapiak. Hamaika abesti grabatu ditu, eta ia bere lan guztietako aleak badaude ere, erdia baino gehiago Real politik diskokoak dira.

Ondorio argi bat ateratzen da diskoa entzuterakoan: Joseba asko dibertitu da diskoa egiten, gozatu du trikitixarena zen lekua gitarrarekin ordezkatzen eta moldaketa berriak sortzen, erritmo aldaketak asmatzen, sonoritate berriak bilatzen abestientzat… Gitarra elektrikoak dakar berrikuntza nagusia soinuan, baina taldearen zuzeneko jarduna erreproduzitzetik urrun, Jonan Ordorikarekin estudioan egindako ekoizpen lanak (sintetizadore eta programazioen bidez) azal sintetikoa erantsi die kantuei. Barruan daraman musikalitatea irauli du Tapiak hamaika bertsio gaurkotu hauetan eta emaitzak behin baino gehiagotan ezustean harrapatuko du entzulea, hain da pertsonal eta ausarta abestiei emandako tratamendu musikala. Alde horretatik, Tapia eta Leturia Banden gogo zirikatzaile eta jostalariaren aztarnak antzeman daitezke diskoan, zeinean estilo eta soinukera diferenteak ezkontzen diren lotsarik gabe: pasodobleak eta reggae doinuak, ska eta rock fusioa, fandangoak eta countrya…

Rockaren heterodoxia ordezkatzen du Joseba Tapiak. Bogan dagoen sofistikaziotik urrun, herrikoitasunari eutsi eta disko bizi, dantzagarri eta ezberdina egin du. Bere sormen eta musika senaren beste adibide bat da Besamotzak. Indargarri bat zaputzaren aurka.

Abestiak

1. Xoxoaren haserrea (feat. Iker Uriarte & Iñigo Telletxea) 3:17
2. Madrilgo lagunak (feat. Iker Uriarte & Iñigo Telletxea) 4:32
3. Putzuz putzu (feat. Iker Uriarte, Iñigo Telletxea, Dani Narbarte & “Txus” Jexux Aranburu) 5:20
4. Maitez (feat. Iker Uriarte, Iñigo Telletxea & “Txus” Jexux Aranburu) 4:01
5. Biba Berango (feat. Iker Uriarte, Iñigo Telletxea & Dani Narbarte) 5:22
6. Real Politik (feat. Iker Uriarte, Iñigo Telletxea, “Morau” Andoni Tolosa, Txuma Murugarren, Maider Ansa & Beñardo Goietxe) 5:13
7. Paris Dakar (feat. Iker Uriarte & Iñigo Telletxea) 5:11
8. Harri gainean lotan (feat. Iker Uriarte & Iñigo Telletxea) 4:17
9. Bidegorrian (feat. Iker Uriarte, Iñigo Telletxea & Maider Ansa) 3:32
10. Askatasunaz (feat. Iker Uriarte & Iñigo Telletxea) 4:55
11. Himno Patriótico (feat. Iker Uriarte & Iñigo Telletxea) 3:47


Laburrean

Egilea  Joseba Tapia

Diskoetxea  Gaztelupeko Hotsak

Zenbatekoa  10,00 €

Formatua  CD

Hizkuntza  Euskara

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude